Beharrak, esperientziak eta erronkak. Gizarte hezitzailearen figura Euskal Erkidegoko ikastetxeetan sartzeari buruzko hausnarketa.
Azaroaren 8an, Vital Fundazioa Kulturunean mintegi bat egingo da, honako helburu hauekin: euskal hezkuntza-sisteman gaur egun dauden gizarte- eta hezkuntza-beharrak aztertzea eta identifikatzea, gizarte- eta hezkuntza-ekintza eta gizarte-hezitzailearen figura hezkuntza-eremuan sartzeak dituen onurak aztertzea, esparru horretako esperientziek eta ikerketek duten eragina ezagutzea eta horri buruzko mugak eta erronkak identifikatzea.
Jardunaldia 9:00etatik 14:00etara izango da, eta honako hauek izango dira antolatzaileak: Euskal Herriko Unibertsitatea, KOKUK elkartea (hamargarren urteurrena ospatzen du, Arabako eskola-eremuko gizarte- eta hezkuntza-ekintzan aitzindari gisa), HEIZE (Euskal Eskola Publikoetako Zuzendaritza Elkarteen Federazioa), CEESPV (Euskal Herriko Gizarte Hezitzaileen Elkargoa) eta Deustuko Unibertsitatea.
MINTEGIAREN EGITARAUA
Eguneko egitaraua Iñigo Salaberriaren (HEIZEko zuzendaria eta koordinatzailea), Pedro Urruñuelaren (Errioxako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohia) eta Martí March-en (Balear Uharteetako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohia eta Gizarte Pedagogiako katedraduna) arteko lehen elkarrizketa mahaiarekin hasiko da, non lanbide honen artikulazioari buruz sakonduko den.
Jarraian, bigarren mahai bat egongo da eta bertan Luis Pacha Olivenzak (Hezkuntza-zentro baten zuzendaria - Extremadura), Davida Galanek, (Extremadurako hezkuntza-zentroetako Gizarte Hezitzailea), Miguel Marcos Sáenz Pérezek (Sanlúcar de Barramedako Hezkuntza Orientazio Taldeko Gizarte Hezitzailea- Andaluzia), Hortensia Aranda Labradorrek (CEIP Maestra Caridad Ruiz - Andaluzia), Jon Echeverríak (Etorkizun Berria Elkartea-Nafarroa), Olga Arrozek (Bizikidetza, Gizarte Inklusioa eta Berdintasun Zerbitzua-Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua) eta Israel Alonsok (UPV/EHU) ekintza-sozio-hezitzaile esperientzia desberdinak partekatuko dituzte.
Ondoren, coffee-break bat egongo da. Bertan, gizarte-hezitzailearen figura hezkuntza-sisteman sartzeak dituen onurekin eta gizarte-hezitzailearen figuraren esperientziek eta ikerketek Lehen eta Bigarren Hezkuntzan duten eraginarekin zerikusia duten posterrak egongo dira ikusgai.
Jardunaldiaren bigarren zatian, KOKUK elkarteak "10 años de acción socioeducativa en el sistema educativo" film laburra estreinatuko du. Mahai batean, protagonistetako batzuekin hitz egin ahal izango da. Mintegia amaitzeko, Xabier Ucarrek (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Pedagogia Sistematiko eta Sozialeko Departamentuko Gizarte Pedagogiako katedraduna) egungo hezkuntza-sistemari eta gizarte-hezkuntzaren ekarpenei buruzko gogoetak partekatuko ditu.
Gainera, UPV/EHUko kideOn ikerketa-taldeak bultzatutako mintegi honek Vital Fundazioaren eta Gizarte Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren laguntza du.
Testuingurua eta egungo egoera
Egun inork ez du zalantzan jartzen gure ikastetxeetan hezkuntza-premiei erantzuteko gai diren proiektuak eta politikak ezartzeko beharra dagoela. Hezkuntza-paradigmaren aldaketa hori bizkortzeko, Europar Batasunak kontzeptu-esparru berri bat sortu du XXI. mendeko hezkuntza ulertzeko, besteak beste, eskolak gai izan daitezen gizartearen eskaerei erantzun egokia emateko, eskola uzte goiztiarraren indizeak hobetzeko edo inklusio-mailak hobetzeko (UNESCO, 2016).
Eskola-kultura berrasmatzeko eta komunitateko eragileei bide emateko moduetako bat izan daiteke Hezkuntza Formalaren eta Gizarte Hezkuntzaren arteko zubiak eraikitzea. Egungo hezkuntza-sistemak aurre egin behar dien gizarte- eta hezkuntza-beharrak aldatu egin dira, eta horri erantzuteko ezinbestekoa da koordinazioa eta lan komunitarioa egitea.
Hezkuntza-sistema formaletik egiten den lana (tutoreek, orientatzaileek, zuzendaritza-taldeek...egiten dutena) handia eta ezinbestekoa bada ere, batzuetan bestelako laguntza mota bat behar izaten da. Hain zuzen ere, gizarte-hezitzaileak familiekin batera aritzera edota gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum-dekretuek (237/2015; 236/2015; 127/2016) jasotzen dituzten zeharkako gaitasunak lantzera ohituta daude.
Era berean, gizarte-hezkuntzatik gauzatutako eta kontsolidatutako esperientziek erakusten dute nola esku hartze sozio-hezitzailea behar duten talde zaurgarrien eremuan lagundu daitekeen, hala nola, gizarte- eta hezkuntza-premien eremuan, baita bizikidetzaren edo komunitatearen eremuan ere, besteak beste. Hortik, gaur egun, Espainiako Estatuan gizarte-hezitzailearen figura hezkuntza-sistemaren barruan finkatuta egotea, esaterako, Kanarietan edo Extremaduran, bai eta azken urteetan, Katalunian, Valentzian eta Nafarroan, besteak beste, ekimenarekin bat egitea. Horrela, Euskal Herrian ere hainbat ikastetxetan egindako esperientzia zehatzekin topatu gaitezke ere.